Elizbarrutiko apezpiku berriaren lehen agurra

Autor: Mons. José Ignacio Munilla Aguirre  

 

 

Gipuzkoako eliztar maiteok:  

Jakingo duzuenez, azaroaren 21ean, Ama Birjinaren aurkezpenaren egunez, ezagutzera eman da Donostiako apezpiku izendatu nautela. Urtarrilaren 9an, Jainkoa lagun kargua hartuko dut Artzai Onaren katedralean ospatuko den elizkizunean.

Zuen aurrera ez naiz nire kabuz azaltzen, Eliza Amak bidalia baizik, Kristorekin sakramentalki lotzen gaituen kate apostolikoa jarraituz.  Nire aurreneko hitz hauekin hasiera eman nahi nioke aurrerantzean zuekin izan nahi dudan tratu pertsonal eta ahal den  gertuenekoari. San Joanen ebanjelioko hitz haiek ekarri nahi nituzke gogora gure artean ere bizi ditzagun: hain zuzen, Artzai onak bere ardiak izenez ezagutzen dituela eta hauek ere bera ezagutzen dutela ( Jn 10,3)

Elizbarruti honen seme naiz zuekin, orain berriz zuentzat aita izatea eskatu zait...egun hauetan honako gogoeta izan dut, seme izatetik aita izatera pasatzeko beharrezkoa dela gure senidetasuna indartzea. Horregatik aurkezpen honetan bertan zuen zerbitzura nagoela adierazi nahi nizueke eta aldi berean zuen laguntza ere eskatu nahi nuke. Jakin badakigu hemen inor ez dela ezinbestekoa, baino aldi berean Jainkoak nahi izan du gutaz baliatu bere erreinua eraikitzeko munduan.

Donostiako familia katoliko batean jaioa eta hezia naiz eta ikasketak Mundaiz ikastetxean burutu nituen, betiere Urgull mendian dagoen Jesusen Bihotzaren babespean. Hori dela eta, orain dela hiru urte apezpiku ordenatu nindutenean horixe izan zen aukeratu nahi izan nuen ezaugarria: Jesusen bihotza, Jainkoaren maitasuna eta grazia adierazten dizkiguna eta nire lema da: “zugan dut konfiantza”. Horregatik aukeratu dut ezaugarri hau, ebanjelio osoa agertzen zaigulako laburbilduta: Jainkoak maite gaitu eta gure zoriontasuna dugu bere maitasun hori onartzea eta bere borondatea pozik betetzea.

Aurreneko hitz hauek laburrak behar dute izan...baino ez nuke bukatu nahi bi pertsonei nire esker ona agertu gabe: Aita Santuari, niregan ipini duen konfiantzagatik, eta Joan Maria Uriarte apezpikuari, aita batek bezala hartu nauelako eta aholku jakintsuak eman dizkidalako. Biengandik badut zer ikasia!

Azkenik, jakin ezazue berria ezagutu nuenetik zuen alde sekula baino gehiago errezatzen ari naizela. Badakit zuetako asko ere nire alde erregutzen ari zaretela...oso beharrezkoa da ohartzea otoitzak duen indarra elkarrekin bihotz batez Jainko herriak egiten duenean. Andre Maria gure amak gure arteko elkartasuna sendotuko du, Pentekostes egunean egin zuen bezala, Espiritu Santuaren etorrerak bultzada berria eman diezagun elkarrekin hasiko dugun bide honetan.   

Jainkoak bedeinka zaitzatela! 

+ José Ignacio Munilla Aguirre

Donostiako apezpiku aukeratua